1. KIRMEN URIBE EUSKARA BIZI ETA EUSKARAZ SENTITZEKO Hizkuntzen arloa Berritzegune Nagusia
2.
3. Bar Puerto Aspaldi-aspaldi saldu neban arima, soilik geratzen jat gorputza. Bizitzak askotan kolpatu nau baina oraindik libre daukat bihotza. Etorri zaitez, erdu, eskua emoizu, goazen biok Bar Puerto aldera. Sinistu, hangoa beste mundu bat dala. Handik ihes egin beharrik ez da. Ondo zagoz zu. Ni ondo nago, izan gaiten hobeto. Ikusiko ditugu uretan baleak, ipurdi gizenak dantzan. Entzungo, ume denborako kontu zarrak itsaslamien ahotan. Goazen, goazen, lehen bait lehen Bar Puertora, naufrago galduen irlara. Ez isiotu surik, ez egin seinalerik, bueltako txaluparik ez da. irakurtzeko entzuteko
4. BISITA Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela esaten zuen, garai batean. Medikuek esaten dute okerrera ez duela egin, eguna joan eta eguna etorri, eta lasai hartzeko. Hilabetea da berriro esnatu ez dela azken ebakuntzaz geroztik. Hala ere, egunero egiten diogu bisita Arreta Intentsiboko Unitateko seigarren boxera. Aurreko oheko gaisoa negar batean aurkitu dugu gaur, Inor ez zaiola bisitara agertu diotso erizainari. Hilabetea arrebaren hitzik entzun ez dugula. Ez dut lehen bezala bizitza osoa aurretik ikusten, esaten zigun, ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi, maitasun keinu bat besterik ez. Amak eta biok egiten diogu hitz soilik orain Anaiak lehen gauza handirik esaten ez bazion ere, orain agertu ere ez da egiten. Aita atean geratzen da, isilik. Ez dut gauez lorik egiten, esaten zigun arrebak, beldur diot loak hartzeari, beldur amesgaiztoei. Orratzek min egiten didate eta hotz naiz, hotza zabaltzen dit sueroak zainetan zehar. Gorputz ustel honi ihes egingo banio. Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun, ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi, maitasun keinu bat besterik ez. entzuteko
7. Abenduak 12 Asteartea Denborak ez du beti neurri bera izaten. Izan badira asteak, izan badira hilabeteak, izan badira urteak, baina denborak askotan beste forma batzuk hartzen ditu. Preso dagoenak, esate baterako, gutunak jasotzeko orduaren arabera banatzen du eguna, astea bisiten arabera eta hilabetea vis a vis-en arabera. Denborak ez du beti neurri bera izaten. Erretiroan Cadizera bidaia egin du gizon batek. Ceutan soldaduska bukatu zuenean itsasartea txalupa batean zeharkatu zuen. Berrogeita bost urte beranduago bidaia bera egitea otu zaio baina Afrikarako norabidean. Txartelak zulatzen gizon edadetu bat dago. Iladara hurbildu denean konturatu da berrogeita bost urte lehenago soldaduskatik bueltan txartela zulatu zion pertsona berak zulatu diola oraingoan ere txartela. Esaldi bera esan du, grazia bera egin. "Emakumeak eta umeak lehendabizi". Une batean, berroigeta bost urte luze horiek desagertu egin dira erretiratuaren buruan. Badira bestelako denbora neurriak eta goiz batean ohetik jeiki eta bat-batean konturatzen gara egun bat ez, hamar urte igaro direla eta ez dugula, bart bezala bizitza osoa aurretik ikusten. Gertakariek hesiak jartzen dizkiete igarotako egunei, oroitzapen latz bilakatuko diren gertakari horiek. Orduantxe konturatzen gara gure bizitzako garai jakin bat bukatu egiten dela halabeharrez. (BAR PUERTO)