1. AHOZKO AURKEZPENAK
EGITEKO ZENBAIT IRUZKIN
Egilea:
J. Landaluze
Produkzio Sistemak eta Automatika eta Kontrol Injinerutza departamentua
IKERLAN
2. AURKEZPENAK EGITEKO ZENBAIT IRUZKIN
SARRERA
Aurkezpenak egiteko oinarrizko arau batzuk laburbiltzen saiatuko gara hemen.
Aurkezpen tekniko motz batez ari gara, hau da, 10 bat minutukoaz unitate honetan.
Izan ere, aurkezpen gehienak 10 eta 30 min. bitartean egiten dira, eta, ondorioz,
hitzaldi luzeak, eskolak edota ikastaroak alde batera utziko ditugu, nahiz eta azalduko
ditugun puntu nagusiak azken horietarako ere baliagarriak izan.
Aurkezpena egiteko, suposatu egiten da gardenkiak edota bestelako ikus-
entzunezkoak erabiliko direla. Horregatik, gardenkiei buruzko zenbait iruzkin ere
emango ditugu.
AURKEZPENA PRESTATU
Plangintza: Egin plan zehatz bat arreta handiz. Horrela, konfiantza handia lortuko
duzu, eta ez zara erraz urduri jarriko.
Helburuak: Pentsa ezazu ondo zein helburu duzun. Pentsa zer lortu nahi duzun:
entzuleak hezi, informatu, konbentzitu edo dibertitu.
Entzuleak: - Norentzat hitz egin behar duzu?
- Zenbat etorriko dira?
- Zer dakite gaiari buruz?
- Zer ikasiko dute?
- Zer espero dute edukiaz eta aurkezteko eraz?
Edukia: Zerrendatu luze eta zabal dituzun ideia guztiak (“braimstorminga” edo
ideia-jasa teknika erabili).
Gero garrantzizkoenak aukeratu.
Ideiak hobeto aurkezteko materiala derrigorrezkoa balitz, bilatu
material egokia, eta prestatu.
Aukera zorrotza egin! Ez pilatu ideia gehiegi bata bestearen gainean.
NOLA EGITURATU AURKEZPENA
Egiteko era: Eskema erraza:
- Esan entzuleei zertaz aritu behar duzun.
- Gero, horretaz jardun.
- Azkenik, esan duzunaren laburpenaz bukatu.
Saia zaitez ideia nagusiak modu batera baino gehiagotan azaltzen:
prestatu adibideak, erabili eskemak eta irudiak; era berean, istorio
umoretsuak ere presta ditzakezu, hitzaldia atseginagoa izan dadin.
Antolaketa: Hitzaldiaren edukia era logikoan egituratu.
Aurkezpenik gehienak sarrera txiki batekin hasten dira, eta ondorio
batzuk atera eta gero bukatzen dira.
3. Erabili sarrera hori:
- entzuleak agurtzeko
- hitzaldiaren gaia aurkezteko
- eraman behar duzun hurrenkera aurkezteko
- galderak egiteko arauak jakinarazteko.
Erabili bukaera:
- punturik garrantzitsuenak laburtzeko
- entzuleei eskerrak emateko
- galderen txandari ekiteko
HITZALDIAREN URRATSAK
1.- Sarrera (1. gardenkia)
1a. Agurra. (“Egun on… / Hasi baino lehen, eskerrak eman nahi nizkieke hemen
dauden…”)
1b. Norberaren aurkezpena. (“Nire izena…/ … lan egiten dut…”)
2.- Aurkezpenaren gaia eta iraupena (1. gardenkiarekin jarraitzen dugu)
2a. Gaia. (“Nik ‘…’ izeneko lana aurkeztuko dizuet, zeina…”).
2b. Iraupena
3.- Mamiaren sailkapena (2. gardenkia)
Hitzaldiaren mamia lauzpabost zatitan banatzea komeni da. Orain puntu edo
atal hauek izendatzen dira, eta, nolabait, hitzaldiaren ikuspegi orokorra ematen
da.
3a. (“Hasteko, gogora ekarri nahi nizueke orain arte egindakoa…”)
3b. (“Ondoren azalduko dizuet…”)
3c. …
4.- Galderak egiteko arauak (2. gardenkiarekin jarraitzen dugu)
Baten batek galderak edo zalantzak baditu, zer egin argitzen zaio, ea hitzaldia
eten dezakeen edo amaitu arte itxaron behar duen.
5.- Mamia (gardenki gehienak)
Hirugarren puntuan sailkatutako atalak azaldu banan-banan. Atal batetik
hurrengora igarotzen denean, argi eta garbi utzi. Agian, atal horretan
azaldutako ideiak eta datu nagusiak azpimarratu.
6.- Laburpena / ondorioak (azken gardenkiak)
Laburtu esandakoa, eta azaldu ondorioak.
6a. (“Orain arte ikusi dugu…”)
6b. (“Orduan, ondorio hauek atera daitezke…”)
7.- Bukaera
7a. Eskerrak eman berriro
7b. Ea galderarik ba ote dagoen galdetu, eta saiatu erantzuten.
4. HITZALDI ERAGINKORRA IZATEKO AHOLKUAK
• Aldez aurretik, praktikatu aurkezpena! Horrela, hutsuneak eta alderdirik
ahulenak non dituzun atzemango duzu. Errepikatu ideia eta puntu nagusiak.
Horretarako, egin horien sarrera, gero azaldu eta, azkenean, laburtu. Aurkezpen
batean ideia nagusiak oso gutxi izango dira.
• Horrezaz gain, hitzaldiaren iraupena kontrolpean edukitzeko ere praktikatu egin
behar da. Ziurtatu nahikoa denbora duzula gai guztiak aurkezteko; bereziki, ideia
eta kopuru nagusiak ondo ulertarazteko.
• Hasieran urduri egongo zara, baina ez arduratu, gehienoi gauza bera gertatzen
zaigu eta. Gakoa lehenengo bi minutuetan lasai eta astiro hitz egitean datza.
Kontuan izan oso garrantzizkoa dela entzuleek hasieran izaten duten iritzia.
Horregatik, agian, ez dizu kalterik egingo sarrera-hitzak buruz ikasteak.
• Zaindu entzuleekin duzun harremana. Bizi aritu, gaiarekiko interesa azaldu, eta
entzuleak ez dira aspertuko.
Noizean behin, begiratu entzuleei, funtsezkoa baita begien arteko harremana,
komunikazio-maila egokia izateko. Begirada horren bitartez, jendea aspertuta edo
interesik gabe dagoen konturatuko zara. Ondorioz, beharbada, hitzaldiaren zenbait
zati laburtu egingo dituzu.
• Azpimarratu ideiarik garrantzitsuenak; batez ere, zenbakiak eta datak.
Errepikatzea geldiune motz baten ondoren egiten da.
• Zaindu intonazioa. Argi eta garbi hitz egin, eta esaldia behar bezala bukatu,
amaieran itzali gabe. Aldika doinua aldatzen baduzu, askoz interes handiagoa
sortuko duzu entzuleen artean.
• Ez eman bizkarra entzuleei. Zerbait irakurri behar baduzu, ez egin pantailatik,
gardenkietatik zuzenean baizik.
• Behar bezala erantzun galderei. Adi egon entzuleek egin ditzaketen galdera
zailekin. Saiatu egoki erantzuten. Adibidez:
- “Sentitzen dut, baina ez dut horri buruzko informaziorik. Interesa baduzu,
oso pozik bidaliko dizut”.
- “Orain ezin dizut erantzun, baina, hitzaldiaren ondoren etortzen bazara,
ikusiko dugu nola aurkitu eskatzen duzuna”.
- “Ez naiz horretan aditua, eta, agian, hobe egingo zenuke halakorekin
harremanetan jarriko bazina”.
Eztabaida berotzen ari dela sumatuz gero, galderak azkenerako utziko dituzuela
adierazi, eta lehenbailehen heldu hurrengo puntuari.
• Hizkuntza sinple eta gardena. Erabili esaldi motzak eta zehatzak. Hitz errazak,
eta, ahal bada, motzak erabili; batez ere, zuk ongi menderatzen dituzun
adierazpenak. Hizkuntza konplexuak ez dizu inongo laguntzarik emango, eta
komunikazio egokia eragotziko du.
Hortaz, aditz errazak erabili, aktiboak pasiboak baino hobeto, eta alde batera utzi
kontzeptu abstraktoak. Ez erabili argotik, agian denek ez dute-eta ulertuko.
• Garbi adierazi noiz uzten dugun puntu bat, eta noiz igarotzen garen beste batera.
Mugak argi azaldu entzuleei, gal ez daitezen. Ondo adierazi hitzaldia non dagoen
eta norantz doan.
5. GARDENKIAK ONDO EGIN
Arestian esan dugun bezala, gardenkiak laguntza handikoak ez ezik, beharrezkoak ere
izaten dira. Baieztapen hau frogatzeko datuak nahikoa argigarriak dira. Hitzaldi batean
entzuten dugunaren %20 gogoratzen omen dugu entzuleok, ikusten dugunaren %50
eta ikus-entzuten dugunaren %80. Ondorioz, gardenkiak ondo egin behar dira. Hona
hemen hainbat aholku:
• Irudien eta testuaren arteko orekari eutsi.
• Gardenkietan oso testu gutxi eta tamaina handiz idatzi (arau orokor eta zorrotzik
eman ezin bada ere, testuetarako 28a-edo izan liteke egokia).
• Gako-hitz edo ideiak idatzi, ez esaldi luzeak, ezta esaldi osoak ere. Ahoz azaltzen
denaren laburpena egin behar da.
ZENBAIT DATU INTERESGARRI
Dena den, arrakasta lortzeko, maiz, ez da garrantzizkoena esaten. Bestela, aztertu
ondorengo datuak: telebistan ikusten dugun aurkezpen batean, aurkezlearen itxuratik
hartzen dugu mezuaren %50 entzuleok (janzkera, ile-orrazkera, etab.), aurkezlearen
ahots eta gorputz-mugimenduetatik %35 eta, gezurra badirudi ere, esaten denetik %15
bakarrik. Hau guztia politikoek oso ongi omen dakite!
Egilea:
J. Landaluze
Produkzio Sistemak eta Automatika eta Kontrol Injinerutza departamentua
IKERLAN